berria.info

 

Igandea, 2013ko abenduak 29a.

 

Ospakizun hutsa baino askoz gehiago.

 

Euskal Selekzioaren urteroko partida edukirik gabeko festa huts bilaka ez dadin, ofizialtasunaren bidean «urrats gehiago egiteko» eskatu zuen ESAITek, atzo antolatutako manifestazio eta mendi ibilaldiaren bidez.

 

Gotzon Hermosilla. Bilbo.

 

 

Ume bat, Pagasarrin, ESAITen ikurrarekin. 150 lagun igo ziren. / M. R. / ARP.


 

Ofizialtasunaren aldeko manifestazioa. Kaleetan piztutako suziak itzaltzeko eskatu zuten antolatzaileek. / M. R. / ARP.

 

Euskal Selekzioaren partidaren abaroan, atzo Bilboko kaleetara eraman zuen berriro ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak ofizialtasunaren aldarria. Euskal Selekzioaren urteroko partidak azken urteotan hartu duen jitearekin ez dago konforme ESAIT, eta eguna jai giroko ospakizun hutsean gera ez dadin, ofizialtasunaren aldeko mezua kalean islatzea erabaki du. Horren adibidea izan zen, partida hasi baino lehen, Areatzatik San Mames ingururaino Bilboko kaleak zeharkatu zituen manifestazioa.

Arriaga plazan abiatu zen manifestazioa, aurrean ESAITeko kideek Ofizialtasunerantz urrats gehiago lelodun pankarta zeramatela. Atzean, milaka lagun, oso gazteak gehien-gehienak, jai giroan, kantuan eta petardo hotsen artean. Suzi gutxi batzuk ere ikusi ziren, baina antolatzaileak segituan zuzendu zitzaizkien piztu zituztenei, horiek amatatzeko eskatzera. Pirotekniarik ez eramateko deia egina zuten.

Kale Nagusi osoa bete zuen manifestazioak, Moyua plazaraino. Handik Bizkaia plazara jo zuten, San Mamesetik gertu, ibilbidea ekitaldi txiki batekin amaitzeko. Ia, ia, Euskal Herria izan zen gehien entzundako leloa, independentzia eta ikurrinaren aldeko aldarriekin batera. Aitor Zabaleta eta Ińigo Cabacas gogoratzeko oihuak ere egin zituzten manifestariek.

Manifestazioa ez zen ofizialtasunaren aldeko ekitaldi bakarra izan. Goizean, Pagasarri mendirako ibilaldia antolatua zuen ESAITek, eguerdian gailurrean bildutako guztiekin talde argazkia egiteko asmoz. 150 lagun inguru batu ziren deialdira, eta argazkia egin zuten, ofizialtasunaren aldeko pankarta eta ikur berdeak zituztela.

Garaitezinak, bilgune berria.

Euskal Selekzioaren partidaren ingurumaria aukeratu du Garaitezinak izeneko bilguneak bere burua aurkezteko. Euskal zaleak biltzen ditu aipatu koordinakundeak «talde eta herrialdeen arteko norgehiagokak bukatu eta euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko eskaria indartzeko» xedez. Besteak beste, Indar Gorri (Osasuna), Mujika Taldea (Reala), Iraultza 1921 (Alaves) eta Herri Norte Taldea (Athletic) elkarteetako kideek osatzen dute Garaitezinak.

Partidaren bezperetan kaleratutako agirian diotenez, hainbat hilabete eman dituzte «antolakuntza eta eztabaida» prozesu batean, eta prozesu horren ondorioa da Garaitezinak. Aipatutako agirian, «euskal selekzioak ofizialtasunaren bidean daukan geldialdia» gaitzesten du bilgune berriak, eta dei egiten die euskal zaleei eskakizun horren aldeko lanean engaiatzeko.